Forgot Password

San Juan Bezpera Egian

Ekainaren 23ko gauean, San Juan bezpera ospatzen da Egian, Plaza Haundi izenez ezagutzen den Martin Santos plazan.

Mendez mende, eta belaunaldiz belaunaldi, festa honen tradizioa gorde izan dugu euskaldunok. Azkeneko urteotan, esan genezake, gorde ez ezik, indartu ere egin dela San Joan bezperan sua pizteko ohitura. Data honetan, eguzkiaren aroaren etorrera ospatzen da, hau da, udako solstizioa. Urteko egunik luzeena eguzkiari eskaintzen zaio eta suak eguzkiaren ikurra bihurtuz gaua argitzen du, gau magikoa izanik.

Gau magiko honen ospakizuna Egia auzoan, Sudur kultur elkarteak antolatzen du, eta bertan mito, errito eta emozio handiko jarduerak biltzen dira ospakizunaren inguruan. Horietako bat; San Joan lore-sortena da. Euskal Herriko sorginen gaua zela-eta, San Joan lore-sortak egiten ziren, gaitzak uxatzeko, etxea babesteko edota urte osorako osasuna ziurtatzeko. Ohitura zaharra berreskuratu nahian, urtero Bagera Elkarteak lore- sortak banatzen ditu plazan.

Ondoren oilasko edo patata tortila afaltzeko aukera izaten da, eta iluntzean, suaren inguruko ospakizunari hasera ematen zaio. Suaren inguruan, auzotarrek “Alpargata dantza”, “Fandangoa” eta “Arin arina” dantzatzen dituzte. Ondoren, aurreko urtetik etxean gorde dituzten lore sortak sutara botako dituzte, baita ikasturte osoko testu liburu, apunte, etb. ere, negua atzean utziz, udari ongi etorria emateko.

Aurten, joan den urtean egin genuen bezala, Ongi etorri eskolara proiektutik, Aitor Ikastolako eta Mª Reina eskolako “Familia laguna” programan parte hartzen ari diren familia batzu elkartu ditugu. Familia hauek, jatorri desberdinetakoak dira, (India, Frantzia, Honduras, Venezuela, Errumania, Ukraina,…) eta beraien familia lagun euskaldunarekin batera Alpargata Dantza dantzatuko dute suaren inguruan.

Auzoan, kultura arteko abantaila aprobetxatuz, kultur aniztasuna ikustarazteko, kultura desberdinei balioa emateko eta jatorri desberdinetako familien parte hartzea sustatzeko aukera paregabea da hau. Aldi berean familia hauek auzoko bizitzan parte hartuz, euskal kulturara, historiara eta auzoko ohituretara gerturatzeko aukera izango dute.

Plazara etortzera eta auzotarrekin festa eder honetan gozatzera animatzen zaituztegu.

Ekitaldia amaitu da.

Data

2017 Eka 23
Amaituta!

Ordua

19:30 - 23:30

Tokia

Plaza Handi
Luis Martin Santos Plaza
Kategoria