EUSKARA, BIDE ETA LAGUN
2023–24 ikasturtean abiatu zen programa hau, Elkartearekin koop, Bagera eta Lau Haizetara elkartearekin elkarlanean aurrera eramaten dugu.
Donostiako eta Errenteriako “Familia Laguna” programan parte-hartzen duten eta ikastetxeetara beste herrialde batetik etorri berriak diren haurrei zuzendua dago. Zehazki, 8 eta 12 adintartean kokatzen diren haurrei.

Programaren bidez, haurren euskara eta errendimendu akademikoa modu ludikoan indartu, eskola-arrakastarako tresnak eman eta euskarazko aisialdiko baliabideak eta espazioak eskuratzeko aukera eman nahi da.
Hau honela, ikasle bakoitzari astean bi saio eskaintzen zaizkio (ordu eta erdikoa bakoitza). Saioetako bat ikasgelan egiten da, euskararen ikaskuntza indartzeko; bestea, berriz, aisialdiko jarduera bat euskaraz egiteko. Bi saioetan ahozkotasuna, lexikoa eta ulermena lantzen dira, baita euskararekiko motibazioa, atxikimendua eta konfiantza ere.
Errefortzu saioak ikasleen adin tartera egokituak eta eskolan lantzen dutenarekin loturik daude.
Aisialdi jarduerak egiteko bestalde, hiriko ekipamenduak eta iada Familia Laguna programarekin kolaboratzen duten espazioak baliatzen dira.


