Gau beltza eta “Muertitos”, a ze parea!

Gau Beltzaren ospakizuna dela eta, Ongi Etorri Eskolara-k hainbat tailer egin zituen; Amaran, Guraso Elkartearekin batera eta Alde Zaharrean, auzo-elkartearekin lankidetzan.

Proiektutik, kultura desberdinetako bi festa batzeko helburuarekin, Gau Beltza eta Mexikoko Hildakoen Eguna hain zuzen, Hildakoen Aldareko elementuak egiteko tailerrak egin ziren. Latinoamerikako beste herrialde batzuetan ere ospatzen den Mexikoko ospakizun honen helburua hildako pertsonak, senideak edo lagunak, ohoratzea da, hilobietan edo etxeetan aldareak edo ofrendak jarriz.

Tailerretara Amara Berriko eta Orixe Ikastolako familiak hurbildu ziren, eta euskal kulturari lotutako beste tradizio eta kultura batzuk ezagutzeko aukera izan zuten. Txikienek garezurrak margotu eta banderak eta loreak egin zituzten hurrengo egunean Gau Beltzaren ospakizunean egin zen aldarean jartzeko.