Atzo, ekainaren 17an, ikasturte honetan Irungo Dunboa eta Toki Alai ikastetxeetan Familia Laguna akonpainamendu-programan parte hartu duten familiei eskerrak emateko ekitaldia egin zen, Plaiaundiko Ekoetxean.
Bertan izan ziren aurten programan parte hartu duten 29 familietako hainbat kide, programaren parte diren bi ikastetxeetako zuzendaritza-taldeetako ordezkariak eta Irungo Udaleko Ongizate eta Berdintasun Arloko ordezkaria.
Ekitaldian, familiek ikasturtean zehar egindako borondatezko lana eta programari esker eskoletan sortu dituzten kulturarteko harremanak balioetsi ziren, eta parte hartu duten familiei omenaldia ere egin zitzaien.
Aurten hiru urte bete dira Familia Laguna programa Irunen martxan jarri zenetik. Urtez urte sendotzen ari den ekimen honek familien arteko kulturarteko harremanak sustatzen ditu, komunitate kohesionatuago eta inklusiboago baten alde. Datorren ikasturtean, gainera, Belaskoenea ikastetxea ere proiektura batuko da, ekimena hiriko hirugarren ikastetxe batera zabalduz.





