Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Eguna ospatzeko asmoz, Ongi Etorri Eskolara proiektuak artea, hausnarketa eta aniztasuna lotu zituen ekimen honekin. Ekimenean hainbat jatorritako Donostiako 7 argazkilarik eta kultura-aniztasunaren eta arrazakeriaren aurkako gaietan lan egiten duten Donostiako 6 elkarte eta erakundek parte hartu dute, eta horiek dira argazki erakusketaren protagonistak.
Aldi berean, Ongi Etorri Eskolara proiektuan parte hartzen duten Donostiako Lehen Hezkuntzako 7 ikastetxek “mundua eraldatzeko artea” tailerretan parte hartu dute; Orixe ikastola, Amara Berri eskola, Jakintza ikastola, Intxaurrondo ikastola, Aitor ikastola, Maria Reina eskola eta Zuhaizti eskolak hain zuzen.
“Mundua eraldatzeko artea” tailerrak proiektuaren barneko beste jarduera bat gehiago izan dira, ikasleei eskola inklusibo baten alde lan egiteak eta arrazakeriaren aurkako aniztasunari eta hezkuntzari balioa emateak duten garrantziaz hausnartzeko aukera eman dietelarik. Tailer hauetan, ikasleek errealitate soziala artearen bidez nola eraldatu daitekeen ikasi dute.
Bi artelanak Donostiako Boulevardean ikusgai jarri ziren maiatzaren 20ean, eta Intxaurrondo, Gros, Antigua, Amara, Alde Zaharra eta Egiako kultur etxeetan ondoren.