Elkarrekin kooperatibatik urtero Kultura Aniztasunaren Munduko Eguna ospatzeko komunitate mailako jarduera bat aurrera eramaten dugu. Aurten, gastronomiaren inguruan biltzen gaituen ekimen bat burutu nahi izan dugu. Ekimen honen osagai nagusiak kulturartekotasuna eta elkar ezagutzeko gogoa izan dira. Horretarako, hainbat jatorritako familiak elkartu dira Donostiako eta Errenteriako hainbat elkarte gastronomikoetan, eta Familia Laguna programan parte hartzen duten familiek prestatutako hainbat herrialdeetako platerak dastatzeko aukera izan dute.
Donostian, Amara Berri, Antigua eta Alde Zaharra auzoetan ospatu da “Su-artean, Gure artean” ekimena. 180 heldu eta haur inguru elkartu dira Bera-Bera Club, Txirain eta Kresala Elkarteetan. Auzoko hainbat jatorritako familiekin partekatutako arratsalde atsegina izan dugu, non zapore berriak ezagutu ditugun eta elkar ezagutzeko aukera izan dugun.
Errenterian, “Familia lagunekin su-artean: nahastu, sukaldatu eta dastatu” izeneko jarduera egin da, udalak antolatutako “Errenterian 11 kolore” izeneko ekimenaren parte izan dena. Hainbat jatorritako 60 pertsona inguru elkartu gara Niessen Elkartean, eta Errenteriako familiekin eta bizilagunekin hitz egiteko eta kulturen arteko harremanak sortzeko aukera izan dute.
Parte hartu duten familiak gustura asko joan ziren!
Egitasmoaren azken saioa Ongi Etorri Eskolara proiektuaren barne ekainaren 1ean izan zen, Andoaingo Kotoi Elkartean. On egin!!