Kultura arteko pintxo lehiaketa

Irailaren 12an, Plaza Haundin, Ongi etorri Eskolara-k kultura-arteko pintxoen lehiaketa antolatu zuen Porrontxo Jaien baitan. Lehiaketan auzoko tabernetaz gain, Aitor Ikastola eta Maria Reina Eskoletako hainbat gurasok parte hartu zuten, beraien jatorrizko herrialdeen zaporeak eskainiz, hala nola, Rumania, Honduras, Mongolia, India, Katalunia eta Euskal Herriko pintxoak.

Pintxo goxoenaren saria Garraxi tabernak eraman zuen, eta koloretsuena pintxo katalanari egokitu zitzaion. Aurkezpen onenaren saria La Taberna tabernarentzat izan zen, eta pintxo originalaren saria Honduraseko “catracha”k eraman zuten.

Epaimahaian lau kide, bi gizon eta bi emakume, eta denen artean hiru jatorrizko herrialde. Bertan zeuden Maria Reina eta Aitor ikastolako zuzendaria, eta gastronomian eskarmentua duten bi guraso: Maria Reina eskolako ama bat, Mugaritz jatetxean jarduten duena, eta Aitor ikastolako aita bat, gozogintzan aritzen dena. Ez zuten lan makala, hainbeste delizien artean soilik lau saritu behar. Sariak banatu eta bi aipamen bereziki gehitu nahi izan zituzten, Indiako eta Kataluniako pintxoen goxotasuna azpimarratzeko.

Auzoan bizi garenok hemen eta hango zaporeak dastatzeko aukera izan genuen, eta beste herrialdeetan jatorria duten bizilagunek jaietan parte hartzeko aukera eder hau baliatu zuten, han eta hemengo ohiturak uztartuz.