Andoaingo familia lagunen eskertze ekitaldia 2020-21

Aurreko larunbatean, ekainaren 12an, Andoaingo Familia Laguna programako familiei eskerrak emateko ekitaldia egin genuen Leitzaranera txangoan joanez.

Jatorri eta kultura desberdinetako 70 pertsona elkarrekin joan ginen Leitzarango interpretazio zentrorantz, non Pirritx, Porrotx eta Marimototsek programari oparitutako intxaurrondoa landatu genuen; alde batetik, jada ez daudenekiko doluaren eredu dena, eta bestetik, baita bizitzaren berpiztearen eredu ere. Parekotasun horrekin, familia batzuek programari agur esango diote, eta beste batzuek datorren ikasturtean jarraituko dute. Intxaurrondo hori ureztatzearen eta zaintzearen garrantzia kontatu genien haurrei; kulturartekotasuna bizikidetzarako, kulturen trukerako, elkar zaintzeko, tolerantziarako eta errespeturako zaindu behar den bezala.

Zaharrenek orientazio proba ere egin ahal izan zuten eta Leitzarango bazterrak arakatzen ibili ziren.

Berriro ere eskerrak eman nahi dizkizuegu ekitaldi honetan parte hartzeagatik eta kulturen arteko harreman-eredu horiek zabaltzen jarraitzeagatik.

Zorionak familiak!